EUSKARAREN ERABILERA SUSTATU,
TALDELANA ETA
EMAKUMEAK ERDI AROAN DUEN ZEREGINA IKUSARAZTEA.
Lan berri honek (kanta berriak, liburua eta ikuskizuna) Ene Kantakeko pertsonaien abentura berri bat da eta Amaiurren gertatzen da: bertan, euskaraz abestu, bizi eta irakurriko dugu.
Astonauta, Satorjator eta bere lagunek Erdi Arora bidaiatuko dute, non genero berdintasuna, inguruaren ezagutzaren balioa, naturaren baliabideak, auzolanaren abantailak edota naturaren zaintza eta errespetua ikusiko diren.
KANTA BERRIAK
Erdi Aroari eta emanaldiari lotutako bost abesti berri egin ditugu. Beti bezala, abesti horiek, kultura orokorraz gain, beste hainbat arlo lantzeko aukera ematen dute, hala nola: gorputz atalak, koordinazioa, dibertsioa, emakumeen ahalduntzea, dramatizazioa, elkarlana, adiskidetasuna…
Tamalez, Erdi Arokoak ziren kantu askorik ez zaigu iritsi, arrazoi anitz direla medio: transmisio-katearen etetea, gudak, izurriteak-heriotzak, idatzita ezin jaso, Eliza… Baina garai hartatik iritsi zaizkigun doinu zein hitz asko ahoz iritsi dira, hein handi batean, amek seme-alabei, amonek bilobei kantatuak izan zirelako. Azken finean, beraiek ziren haurren zaintzaz arduratzen zirenak. Bada, guk egindako abestiren bat edo beste garai hartako musika tresnekin egina izan da, Erdi Aroko gure musika-imajinarioa kantura eramana, hain zuzen.
.

Ikuskizuna
Ene Kantak Erdi Arora joango dira istripuz, Nafarroako Baztan bailarako azken herrira, Amaiurrera.
Han, gure lagunek bidegabekeria- eta desberdintasun-egoerak biziko dituzte, herrian agintzen duen pertsonaren eta bertako biztanleen artean. Egoera bidegabe hauen aurrean, Aire, Axeri, Oki, Satorjator eta Astonautak, Amaiurreko pertsonei laguntzeko modua bilatuko dute. Taldean lan egiteko, solidarioak izateko eta elkarri laguntzeko unea da.
Ustekabeko agerpen batek, balantza behin betiko makurtuko du eta herriko biztanleek duten arazoa konpontzea edo ez konpontzea ahalbidetuko du.
Amagoia Dragoia, dragoi isila, bere interes propioak ditu… Zein aldetan dago dragoi beldurgarria?
LIBURU BERRIA
AMAGOIA DRAGOIAREN EZKATAK
Amagoia Dragoia Nerea Urbizuk idatzi eta Mikel Santos “Belatz”ek ilustratu duen liburu berria da. Erdi Aroan dago girotua, eta Amaiur herriko azokaren inguruan gertatzen da historia. Liburuan, beraz, azoka, azokako produktuak, salerosketa, orduko janzkera eta gizartearen funtzionamenduaren parte bat azaltzen da. Lantzen diren baloreen artean ditugu justizia, elkarlana, laguntasuna, adiskidetasuna, errespetua…
Amagoia Dragoia justiziaren isla da, ipuinan zehar ematen diren egoera bidegabeak ikustarazten digun izaki fantastikoa.







