Skip to main content Scroll Top
Donapea 4-6 31610 Atarrabia NAFARROA

Gure proiektua

HAURRENTZAKO MUSIKA ETA DANTZA EUSKARAZ

Gure kantak, gure hizkuntzan
Kantak euskaraz sortzea, gurasoen eta seme-alaben artean euskararen transmisioa errazteko. Horixe izan da Ene Kantak proiektuaren xedea, abiatu genuenetik. Maitasun osoz egin genuen, haurrak, musika eta euskara maite baititugu. Maite ditugun seme-alabei maite dugun musikarekin maite dugun hizkuntza oparitu nahi baitiegu. Horregatik hasi ginen. Horregatik segitzen, eta segituko, dugu

Hasiera apala
Ene Kantak proiektuak 2010ean hasi zuen ibilbidea eta hasiera bateko planteamendua guztiz apala, xumea izan zen: euskarazko haurrentzako abestiak sortzea eta eurekin Nafarroako ikastetxetako haurrekin bideoklipak grabatzea. 2011. urtearen hasieran Ene Kantaken lehen diskoa argitaratu zuten, 19 abestirekin.

Harrera bikaina

Geroztik gure musika Euskal Herri osoko herri eta hiri guztietara eraman dugu, gure ikuskizunak antzokietara eta pabiloietara bezala.
Bide honetan zehar gure Youtube kanalean 175 euskal abesti berri baino gehiago publikatu ditugu, 100 milioi bistaratze baino gehiago ditugu, 10 disko argitaratu eta 4 liburu sortu ditugu. Hauek guztiak haur ikusle eta entzuleei zuzenduak.

Eta Ene Kantak Unibertsoa, bere abestiak zein pertsonaiak telebistara eraman ditugu 5 denboraldiz, haurrei zuzendutako ETB3 kanalean 1250 kapitulo baino gehiago emitituz.

Ene Kantak, gure ametsa.
Hasiera batean gure ametsik ederrenean ere imajinatuko ez genukeena errealitate bihurtu da. Eta etorkizunean ere gure ametsak errealitate bihurtzen segitu nahi dugu, maite dugun hizkuntzan maite ditugun haurrentzako maite ditugun edukiak sortuz.

Gure abesti gogokoenak Astonauta, erraldoienak, Autobusarena, Birziklatzearena eta Plisti ta plasta dira. Ez galdetu zergatik, gu dantzan hasten gara eta kitto.

ASTONAUTA ETA URBI

PARTE-HARTZAILEAK

Gehienbat gure kultura sustatzen duen jendea gonbidatzen dugu abestietan parte hartzeko. Beste batzuetan, aldiz, euskaraz abesten ausartzen den jendea ere gonbidatzen dugu.

Gonbidatuen artean, musikariak, bertsolariak, kirolariak, artistak edo idazleak ditugu. Zerrenda luze-luzea da, baina hauek dira horietako batzuk: Telleria anaiak, Nerea Balda, Kristina eta Xabi Solano, Gorka Urbizu, Julio Soto, Nerea Erbiti, Ruper Ordorika, Oinatz Bengoetxea, Irati Goikoetxea, Abel Barriola, Pirritx eta Porrotx… eta beste asko eta asko! Kolore piloa eman diote gure proiektuari.

Ezin ditugu ahaztu ikastetxeetako haurrak: Euskal Herriko hainbat ikastetxeetako haurrek gure abestiak dantzatzen dituzte, eta horiek dira bideoklipetan ageri direnak. Hauek ere kolorez betetzen dituzte gure dantzak.