Kartel Liluragarria

ANTZERKI MUSIKALA

LILURAGARRIA, gorputz barrura goaz”, gure azken erronka da. Badakizue Enekok eta Nereak zein toki aukeratu duten oraingoan abenturak bizitzeko? Bai, bai, ongi irakurri duzue, gorputzaren barrura! Zeinen gorputzera? Hori bai ez dizuedala esango… Ez dute liburu magikorik edo aitatxiren gutunik erabiliko abenturarekin hasteko, ez, ez, edabe bat baizik. Gorputzaren barruan LILU ezagutuko dute, zelula aski jator bat, eta garunaren eta gorputzeko hainbat organoren garrantziaz hitz egingo die. Asko baitaki Liluk!

Badakizue gorputza osasuntsu izateko asko egin dezakegula? Elikadura osasuntsua zaindu adibidez, oso garrantzitsua da. Hala ere, Lilu zinez aditua da zeliakian. Hori zer den? Berak inork baino hobe azalduko dizue.

Gorputza makina bat da, baina denena ez da berdina. Batzuk DRAVET izeneko gaixotasun arraro bat dute adibidez, eta hori zer den ere Liluk azalduko digu.

Gorputzaz eta garunaz ikasiko dugula badakigu, baina ez pentsa, gorputzak berak ere irakasten ditu beste gauza batzuk: adibidez, adiskidetasuna, berdintasuna edo ingurugiroaren zaintza. Dena dago loturik, aizue!

Zelulak ooooso txikiak dira, ia ikusezinak: baina ez kezkatu, jartzen ditugun proiekzio eta irudiei esker, dena handi-handi ikusteko moduan egongo da-eta.

Zer? Antzerki dantzagarri hau ikusi nahi? Adi, denok gorputz barrura goaz!